XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Materialeei buruz, berriz, mota herrikoi hori, naturak ematen dituen klima eta materiale baldintzekin loturik agertzen dela esan behar da.

Horren ondorioz, materiale erabilienak, nekazal-giroko etxeetan bezala, inguruko harria eta egurra izan ziren.

Harria, artekorman eta beheko solairuan erabiltzen zen; aitzitik, goiko solairuetan, egurra zen erabilitako materialea, mihiztaturik edo bilbaturik: enborrak konbinatu egiten ziren, euren artean espazio pasiboak inerteak uzten dituzten elementu aktiboetan erresistenteetan oinarritutako sistema baten arabera.

Material arinagoa erabiltzen zen ondoren guzti hori isteko (31) .

Aipatu dugun SEGURAko etxeak fatxada sistema hori jarraitzen du, behekaldean harria, eta horren gainean egurrak, eta horien buruetan jartzen da bilbadura, solerak eta oin zuzenek osatua.

Goiko solairuan karrerak jarri ziren, estalki bezala erabiltzen den enkalatuan ikus daitekeen bezala.

Fatxada horretan, bestalde, egurrezko bilbaduraren erabilerak, beheko solairuaren gaineko solairuetan hegalkinak eraikitzeko aukera ematen zuela ikusten dugu, eta hori beharrezkoa zen, harresituriko hiriek zuten neurri txikia kontutan izanik.

Alboetan geratzen ziren irtenguneak mentsulen gainean hegalduriko hormabularrekin geratzen ziren mugaturik (32) , baina sistema hori gehiegitan erabili zenez debekatu egin ziren, Donostiako Ordenantzetan agertzen den bezala.

Ordenantza horietan gehienez ere bi ukondoko irtengunea baimentzen zitzaizkien hegalkinei eta kanpokaldeko eskailerei (33) .

Hegalkinak, ordea, errenazimendu osoan ere erabiliko dira.

Fatxada horien errematea lerro horizontalekin egiten zen, orubeen eraketa estu eta luzeskak horretara behartzen bait zuen.

HIRIETAKO JAUR-ETXEEK, Gipuzkoan, bi mota erakusten dituzte, lehen esan den moduan: DORREA eta JAUREGIA, bakoitza bere esangurarekin, eta ezaugarri amankomun batekin: inguruko klimaren eta materialen menpe egon arren, ez dute erakusten nekazalgiroko etxeek edo hirietako arkitektura herrikoiak erakusten duen menpekotasuna faktore horiekin.

Historiaren ikuspegitik duten garrantziaz gain aipatzekoa da, baita ere, artearen ikuspegitik duten balioa.

HIRIETAKO DORREA.

Dorre horien arkitektura egitura nekazal girokoarekin nahasten da, eta fundatuz zihoazen hirietan nekazal giroko nobleziak ematen duen lehen pausuetakoa da.

Nekazal giroko noblezia bere botere ekonomikoa hedatzeko aukeren bila dabil.

Beraz, nekazal giroko nobleziak eraikitako dorreek hirien barruan izan zuten agerpena, ez zen bertako beste elementu bat balitz bezalakoa izan, eta horregatik, ez ziren defentsa kolektiboaren oinarrizko tresnatzat hartuak izan, normalean harresiaren inguruan egon arren.

Dorre horietan, gainera, zerikusia izan zuen hiri-partzelazioak, eta horrela, oin planoek itxura laukizuzen luzeska agertzen dute.

Horrelakoak dira Zarautzeko Torre luzeako eta Hondarribiko Etxebesteko oin planoak.

Altxaerari dagokionean, berriz, aipatutako biek beheko solairua eta beste hiru solairu nagusi erakusten dituzte, eta euren dekorazioan estiloen eboluzioari loturiko elementuak erabiltzen dituzte, gotikoari lotuak dagokigun kasuan.

Sarrerako ateak, dobelaje handiko arkuekin eta baogune gutxirekin behe solairuan, itxura mazizoa eta soila erakusten du; bao gehiago dago goiko solairuetan (ez bait dira jadanik defentsarako edifizioak), mainelekin geminaturiko leihoekin; erremateak ez dira jada adarbe pasabidedunak edo almenadunak, estalpea eusten zuen molduroiari eusten duten modiloidunak, baizik.

Dagoen adibiderik onena, eta ez euskal lurraldeetan bakarrik, Lampérezek dioenez, (34) , Torre Luzea da, ZARAUTZen, Kale Nagusian dagoena, lerroa eratuz kale bereko etxeekin.

Etxe horretan bat eginik agertzen zaizkigu dorrea eta hirietako jauregia, bien ezaugarriak agertzen bait ditu, hirietako jauregiena oin planoan eta dorreena egitura orokorrean.